
SPRI - Gobierno Vasco, 2011/04/11
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 20 milioi euro mugiarazi zituen iaz enpresa arloan nanoteknologia bultzatzeko. Sailak 10 milioi euro inguru jarri ditu, nanoBasque Estrategiaren baitan.
Eusko Jaurlaritzak azken bi urteotan garatu duen apustu honen bidez lortu nahi dena da euskal enpresa sarearen eraginkortasuna hobetzea eta EAE berrikuntzan eta ezagutzan oinarritutako ekonomiaren lider bihurtzea; ekonomia bat, hiru jarduera esparru handi hauek uztartzen dituena: enpresa, ezagutza eta gizartea.
Nanoteknologiek eta nanozientziek materiaren forma txikiena lantzen dute, halako moldez non materia hori kontrolatuz gero, egitura zehatzagoetan oinarrituta lan egin baitaiteke eta emaitza hobeak lortu. Emaitza horien ustiaketa EAEko ia sektore guztietan aplikatu daiteke; batzuk bitartekoak dira, esaterako, altzairua, metalurgia eta produktu metalikoak, baina badaude amaierako sektoreak ere, hala nola automozioa, aeronautika, energia, osasuna eta farmazia. EAEko 68 enpresaren jarduera nanoteknologiarekin lotuta dago modu batera edo bestera.
Bestalde, jarduera sektore berri honen alde eginiko apustuaren ondorioz, oinarri teknologikoko enpresa berriak sortu dira, beren jarduera garatzeko teknologia berrietan oinarritutako aplikazioekin. Lehen aipatutako 68 enpresa horietatik 16k teknologia horietan oinarritutako produktu edota prozesuak merkaturatzen dituzte eta datozen bi urteetan kopuru hori bikoiztea espero da.
Aipagarria da enpresa horien %10ak bakarrik daukala jarduera horren garapenean auto-askitzaile izateko gaitasuna, gainerakoek agente zientifiko-teknologikoen laguntza behar baitute (teknologi elkartegiak, unibertsitateak, etab.). Hala, enpresen eta agente zientifiko-teknologikoen arteko ezagutza fluxua eta lankidetza indartze aldera, Industria Sailak nanoBasque Agentzia jarri zuen martxan 2008ko abenduan, SPRI (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) sozietate publikoaren bitartez.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak ekintzailetza berritzailea bultzatzeko hartutako konpromisoari jarraiki, nano-haztegi bat sortu da, teknologia estrategiko eta berritzaile honetan oinarritutako negozio prozesuren bat garatu nahi duten ekimenak zaindu eta babesteko.
Bilbon hilaren 11tik 14ra bitartean ospatuko den Imaginenano Azokan, Nanobasque-n stand bat jarriko da, non mikro eta nano-teknologietan oinarritutako produktu eta prozesu berriak garatzen ari diren euskal enpresa batzuk egongo baitira. Hala, bertan izango dira Innovalia Metrology taldea, Trimek, Datapixel eta Unimetrik enpresek osatua, Ikerlat Polymers, diagnostikoarekin lotutako mikro eta nanoteknologia garatzen duena eta biologia eta bioteknologia arloak ere jorratzen dituena, Reiner Microtek, Plastikoaren Mikro-injekzioan espezializatutako enpresa, microLIQUID, osasun, nekazaritza eta elikadura sektoreetarako behin erabiltzeko osagaiak fabrikatzen dituen enpresa, TAMAG Ibérica, beiraz estalitako mikro-kableak fabrikatzeko teknologian hiru patente dituen spin-off bat, eta Scientifica Internacional, nazio mailan estalazio iturrietarako neutroi detektagailuak garatu dituen lehen enpresa.
