
Parke Teknologikoen Ate Irekien Egunaren ospakizunekin amaituko da Astea-La Semana-The Week
RPTE, 2010/11/15
Azaroaren 21ean, igandez, Arabako, Bizkaiko eta Donostiako Teknologi Parkeek Ate Irekien Eguna egingo dute. Euskadiko Parke Teknologikoetan egiten den lana eta bertan kokatutako enpresak ezagutzeko aukera ezin hobea da Ate Irekien Eguna. Jolas, tailer, zientzia-gune eta jardun ezberdinen bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza gizartera hurbiltzea da Ate Irekien Egunaren helburu nagusia. Baita Teknologia Berriak, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzan oinarriturik, ingurumenarekin errespetagarria den eredu industrialaren adierazgarri garbia erakustea ere.
Arabako Teknologi Parkea
Arabako Teknologi Parkearen XIII.Ate Irekien Eguna izango da azaroaren 21ean egingo dena. Goizeko 10etan irekiko ditu ateak Arabako Teknologi Parkeak eta 14:00 bitartean adin guztietarako jardunak izango dira bertan, besteak beste Zientzia dibertigarria tailerrak, Kalejira zientifikoa, Formula 1eko simuladorea, Erakusketak, II Gazteen Ginkana “Teknologiaren Bila”.
Aurtengo edizioak “Mugikortasun Iraunkorra” izango du ardatz nagusi. Parke Teknologikoak hainbat ekimen garatu ditu aurten mugikortasun iraunkorraren inguruan, besteak beste Mugikortasun Foroa, Parkeko enpresen lankidetzarekin martxan jarritako ekimena eta mugikortasunarekin zerikusirik duten arlo guztiak hobetzeko helburua duena; edota ibilgailu elektrikoa sustatzeko jardunak, honi esker Parkeak ibilgailu elektrikoen flota bat eta hauek kargatzeko guneak izan ditu erabiltzaileen eskura. Ate Irekien egunean, zenbait ibilgailu elektriko ikusi eta erabiltzeko aukera izango da.
Azaroaren 21ean Parkera hurbiltzen direnek ateak irekiko dituzten zenbait enpresa eta zentro teknologiko bisitatu ahal izango dituzte: Del Valle Aguayo, Epsilon Euskadi, Euskalmet, Ikerlan, Laboratorium Sanitatis, Tecnalia eta PCI Security Doctors. Goizeko lehen ordutik bisitariek txu txu trena erabili ahal izango dute, Parkea bere osotasunean ikusi eta ateak irekiko dituzten enpresetara hurbiltzeko.
Gasteiztik Arabako Teknologi Parkera joateko doako autobus zerbitzua egongo da 10:00etan hasi eta 14:00 arte, orduro. Parketik Gasteizera berriz, 11:30etan hasi eta 16:00 arte, orduro.
Bizkaiko Teknologi Parkea
XI. edizioa izango du aurten Bizkaiko Teknologi Parkearen Ate Irekien Egunak. Goizeko 10etatik 14:00 bitartean, hainbat ekitaldi izango da bertan: haur eta gazteentzako Zientzia-Guneak, Aeromodelismoa, Magia Ikuskizuna, Zuhaitzen Ibilbidea, Dantza, Musika, baita Kalejira Zientifikoa ere. Euskal Energia Erakundeak zenbait ibilgailu elektriko jarriko ditu ikusgai eta bisitariek bizikleta elektrikoak erabili ahal izango dituzte.
Aurtengo nobedadea BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentrua izango da, ateak irekiko baitutu bertaratzen diren guztiek ikusteko aukera izan dezaten. BTEKek zientzia eta teknologia gizartera, batez ere ikasleei hurbiltzea du helburu, diseinu erakargarri batez egindako moduluei esker. Besteak beste Mundu digitala, Nanoteknologia, Bioteknologia edota Robotikaren esparruan ibilbide dibertigarria egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. BTEK Bizkaiko Teknologi Parkeko 602 eraikinean kokatuta dago, piramide formako bi bolumenez osatutako eraikina. Dagoeneko hainbat arkitektura sari lortu ditu eraikin bitxi honek.
Honez gain, enpresa eta zentro teknologikoak bisitatu eta egun horretarako antolatu dituzten ekintzek eta beste hainbat jardunek osatuko dute egun horretako egitaraua:
Bizkaiko Teknologi Parkea ikusteko, txu-txu trenak etengabeko ibilbidea egingo du goizeko lehen ordutik, eraikin nagustik abiatuz eta bisitariak, ateak irekiko dituzten enpresetara hurbilduz.
Donostiako Teknologi Parkea
Miramon Erakusteko Egunaren hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa. Donostiako Teknologi Parkeak eta Zientziaren kutxaGuneak antolatuta, goizeko 11etan hasi eta 19:00 arte, familia osoari zuzendutako jarduerak antolatu dira. Zientziaren kutxaGunean haurrentzako tailerrak, zientzia ikuskizunak, animazioak, Planetariumera bisitaldiak eta Parkean kokatutako enpresen erakusketa egon dira. Argazki Digitalaren VII. Miramon Lehiaketa ere egingo da.
Gaztetxoenek honako tailer hauetan parte hartzeko aukera izango dute: Planetarium Txiki, Planetarium, Blandiblú eta Energiarekin. Elektrizitate Ikuskizuna adin guztietako pertsonei zuzenduta dago. Zientziaren kutxaGunearen erakusketa iraunkorra ere zabalik izango da eta museoaren kanpoaldean Segway ibilbidea.
Bic Gipuzkoa Berrilan, CEIT-Tecnum, Elkargi, Euskaltel, Tecnalia, Basque Center On Cognition, Brain and Language, Innobasque, CITA-Alzheimer, Saludnova eta Tecnolat enpresa eta zentro teknologikoek egunero Donostiako Teknologi Parkean egiten duten lana ezagutzera emango dute.
